Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Alokabidek aipamen berezia jaso dute Ignite NEB ideien deialdi irekian, negozio-aukera berrien kategorian; izan ere, Alokabidek kudeatzen dituen etxebizitzetako tresneria kudeatu eta berreskuratzeko ideia aurkeztu zuten, haien berrerabilera eta jasangarritasuna sustatzeko. Ideia hori irabazi asmorik gabeko hainbat erakunderekin lankidetzan eztabaidatu eta adostu zen, besteak beste, Emaus fundazioarekin eta Urban Bat arkitektura-kooperatibarekin.
Eredu inspiratzaileak, teknologia berritzaileak eta metodologia praktikoak bilatzea da xedea, gaur egungo Bauhaus arkitektura eta produktuen diseinua (gure kasuan, etxebizitzen diseinua) eraldatzen ari dela frogatzeko.
New European Bauhaus (NEB) ekimen jasangarri, sozial eta kulturala Europako Batzordeak abiarazi zuen 2021. urtearen hasieran, bizi garen ingurune eraikian eragina izateko asmoarekin. Ekimen horrek hiru balio sustatzen ditu: jasangarritasuna, estetika eta inklusioa. Gainera, hiru printzipio gakok gidatzen dituzte hiru balio horiek: maila anitzeko konpromisoak, prozesu parte-hartzaileek eta disziplina anitzeko ikuspegiak.
Ekitaldi hau New European Bauhausean interesa duten arkitekturako eta diseinuko profesionalei, enpresa fabrikatzaileei, zentro teknologikoei, administrazio publikoei, unibertsitateei eta elkarteei zuzenduta dago, eta xede du estrategiak eta soluzioak bilatzea, bizitzan zehar erabiltzen ditugun produktuek, zerbitzuek eta espazioek nolakoak izan behar duten hausnartzeko deialdi baten bidez.
Tresneriaren bigarren bizi-zikloa
New Bauhausek etxebizitza publikoak hurrengo urteetan ekonomia zirkularraren, etxebizitzen parke publikoaren bizi-zikloaren azterketa eta kostuaren eta gizarte- eta ingurumen-jasangarritasunaren arloan izango duen “erronka handiaren” balioa azpimarratu du, alokabizi esparru estrategikoaren jarraibideei jarraikiz. Hasierako fasean dagoen ideia hori bat dator trantsizio hirukoitzarekin (soziala, digitala eta jasangarria), zerbitzu berri baten eta tresna digitalen bidez. Horiek ahalbidetu egingo diete Bizigune programako etxebizitzen jabeei eta parke publikoaren erabiltzaile guztiei altzariak eta tresneria bateratzea eta haien balioa handitzea, alferrikako hondakinak saihestea eta beste pertsona batzuk laneratzeko politikak sustatzea, altzariak eta tresneria mantentzeko eta konpontzeko lanak antolatzeko ekintzen bidez.