Joan edukira

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila, Alokabidek eta Tecnaliak The Heat Pump Award saria irabazi dute

Argitalpen-data: 

Izen handiko sari horrek aitorpena egiten dio bizitegi-eraikinetako energia-sistema deskarbonizatzeko soluzio berritzaileari

Alokabide eta Tecnalia

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, Alokabidek eta Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak The Heat Pump Award sari entzutetsua jaso dute, eraikinetako energia-sistema deskarbonizatzeko garatu duten soluzio berritzailearengatik. Soluzio hori Europako Happening proiektuaren esparruan garatu dute, zeina dagoeneko aplikatzen ari baitira Pasaiako gizarte-etxebizitzen eraikin batean (Gipuzkoa).

Sari horien 14. edizioa izan da aurtengoa, eta Bero Ponpen Europako Elkarteak ematen ditu (European Heat Pump Association, EHPA), bero-ponpen proiektu berritzaileei eta energia-eraginkortasun handiena dutenei aitorpena egiteko eta klimatizazio jasangarriari egiten dioten ekarpena azpimarratzeko. Sari-banaketa aurreko asteazkenean egin zen (hilak 25), Bruselan, eta hauek joan ziren bertara saria jasotzera: Patricia Val Hevia, ALOKABIDEko zuzendari Nagusia, eta Irantzu Urkola, proiektuaren koordinatzailea eta TECNALIAko proiektuaren kudeatzailea.

Gure zuzendari nagusi Patricia Valek azpimarratu zuen elkarte publikoak “erronka izugarria” izango duela datozen urteetan birgaitze energetikoari, deskarbonizazioari eta bere parkearen irisgarritasunari dagokienez, eta erronka horri 2020-2050 Zero Planeko jarraibideetan oinarrituta egingo diola aurre.

Eraikin aitzindaria Europan

Une honetan soluzio hori familia anitzeko etxebizitzen eraikin batean ari dira garatzen, eta eraikin hori Alokabidek kudeatzen du Alokabizi ekimenaren barruan. Eraikin horretan bi bero-ponpa zentral instalatu dira, ura aurreberotzeko. Horrez gain, energia-eguzki fotovoltaikoko sistema bat instalatu da zabaltzan eta sistemak kontrol aurreratua ere badauka, instalazioaren errendimendu orokorra hobetzeko. Hala, sistema horren bidez, eraikinaren autosufizientzia ahalik eta gehien areagotzen da, bizilagunek energia-fakturetan aurreztea lortzen da eta ingurumen-inpaktua ere murrizten da.

Bideo honetan ikusten da Pasaiako eraikin horretan ponpen sistemak nola funtzionatzen duen.

Alokabiden soluzio berritzaileak garatzen jarraitzen dugu.

Alokabideri buruzko informazio gehiago