Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Alokabide eta Visesa sozietate publikoek Etxebizitza eta Lurzoruaren Kudeatzaile Publikoen Elkartearen (AVS) accesit bana jaso dituzte: Euskadiko etxebizitza-politika publikoen aintzatespena.
Alokabidek Amurrioko gizarte-laguntzako 21 etxebizitzaren “alokabizi” birgaitze‑proiektuagatik jaso du eraikinen birgaitze jasangarriaren kategoriako saria; Visesak, berriz, Next Funtsen esparruan alokairu sozialeko 1.140 etxebizitza publiko sustatzeagatik eskuratu du saria.
Alokabidek aurkeztutako birgaitze‑proiektuaren xedea da Amurrio udalerriko Bañuetaibar kaleko 1, 3 eta 5 zenbakietako etxebizitzen sarbide- eta energia‑baldintzak hobetzea, balkoi industrializatuak jartzea eta urbanizazioa egokitzea.
Jarduketa horrek, oso-osorik Plan Zero Planean eta “Alokabizi” proiektuan ikasitakoa txertatuta garatzen den lehenak, bizitoki-ekitatea eta 21 etxebizitza horien eraikuntza, funtzio eta espazioaren kalitatea bermatu nahi ditu. Eraikuntza, teknologia, eta gizarte arloko birgaitzea da, eta zenbait alderdi aintzat hartzen ditu, besteak beste, kontsumo energetikoaren monitorizazioa, eraikinaren digitalizazioa eta pertsonen segurtasun- eta erosotasun-irizpideen neurketa.
Bestalde, Visesak aurkeztutako proposamenak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko (SEEP) 6. programaren esparruan 1.140 etxebizitza sortzera bideratutako 14 esku-hartze gauzatzeko jarraitutako estrategia deskribatzen du. Plana Europar Batasunaren — nextgenerationeu — 48,5 milioi euroko finantzaketa jaso du.
Jarduketa horren xedea da alokairu sozialeko edo arrazoizko prezioko etxebizitza energetikoki efizienteen parke publikoa handitzea; Visesak 2 urte hauetan guztira 1.140 etxebizitza sustatuko ditu Gasteizen, Amurrion, Sestaon, Getxon, Barakaldon, Santurtzin, Sopelan, Hondarribian, Orion eta Urretxun.
Sari horiek etxebizitzaren arloko bi sozietate publikoek egindako lanaren aintzatespen dira.