Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Zuzendaritzak eta Alokabidek UPV/EHUren uda ikastaro bat antolatu dute alokabizi proiektu ezagutarazteko. Ikastaroa, aurrez aurrekoa eta online, abuztuaren 31n eta irailaren 1ean egin da, Donostiako Miramar jauregian.
Jardunaldi horretan, etxebizitza publikoaren eta sozialaren esparruan funtsezkoak diren hainbat eragile bildu ziren, guztira, 19 pertsona. Guztiak alokabizi lantaldeko kideak izan ziren, hizlari gisa hartu zuten parte ikastaroan, eta ikuspegi berritzailea, jasangarria duen eta balio soziala sortzen duen alokairu sozialeko etxebizitza babestuaren parkearen etorkizuneko ikuspegia eskaintzen saiatu ziren. Hizlari bakoitzak bere esperientzia eta ezagutza partekatu zituen, eta funtsezko alderdiak jorratu zituen, besteak beste, hirigintza-plangintza, arkitektura jasangarria, gizarte-inklusioa eta baliabideen kudeaketa.
Hitzaldi eta mahai-inguruekin batera, parte hartzeko formulak ere erabili dira, eta bertaratutako guztiak lanean aritu dira taldeka. Gainera, bertan izan dira Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrain eta Alokabideko zuzendari nagusi Patricia Val.
Ikastaroan zehar, etxebizitza publikoaren egungo parkeari eta komunitatearen etorkizuneko beharrei buruzko eztabaida eta hausnarketa bultzatu ziren. Azpimarratu zen zein garrantzitsua den etxebizitza atseginak, ingurunearekin konektatuak, balioaniztunak eta osasungarriak diseinatzea, pertsonen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko. Horrez gain, herritarrek zerbitzu aurreratuenekin duten lotura hobetzeko digitalizazioak eskaintzen dituen aukerak aztertu ziren; izan ere, horrela lortzen da gizarte-bazterketa saihestea eta komunitate-sarea indartzea.
“Alokabizi” jardunaldia topaketa- eta lankidetza-gune izan zen, zeinean ideiak, ezagutzak eta esperientziak batu ziren alokairu sozialeko etxebizitza babestuaren arloan paradigma berri bat eratzeko.