Menu
Bilatu
 

Kontaktua

Gaztelagun Programa

Zer da Gaztelagun programa?

Gaztelagun 23 eta 35 urte bitarteko gazteen emantzipazioa bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren plan berria da. Xede horrekin, alokairua ordaintzeko laguntza zuzenak ematen zaizkie.

Eskaerak aurkezteko epea 2019ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31 arte izango da.

Gaztelagun programak funtzionamenduaren lehenengo urtean 2.500 gazteri laguntza ematea du xede; 2020an 4.500 gaztera iritsi nahi da eta 2021ean 6.000ra.

23 eta 35 urte arteko adina izan behar duzu.

Urtebetez Euskal Autonomia Erkidegoan etengabe bizitzen egotea ezinbestekoa da.

Ezin duzu etxebizitzaren jabea izan, banandu, dibortziatu edo bestelako arrazoiengatik horretaz ezin duzula gozatu egiaztatzea ahal den kasuetan izan ezik.

Errentamendu-kontratuaren titularra izan behar duzu, banan-banan edo beste kide batekin (etxebizitza partekatuta).

Etxebizitzak ohiko bizitokia eta iraunkorra izan behar du laguntza eskatzen duzuen pertsonentzat.

Ezin duzu familia-loturarik izan (hirugarren mailara arte) etxebizitza alokatzen duen pertsonarekin edo bere familia-unitatearekin.

Errenta banku-transferentziaren bitartez ordaindu behar duzu.

Ekonomia-baldintzak:

  • Banaka eskatuz gero: urteko diru-sarrera gordinak 15.000 euro baino gutxiago eta 8.316 euro baino gehiago. *
  • Familia-unitate modura eskatuz gero: urteko diru-sarrera gordinak 20.000 euro baino gutxiago eta 8.316 euro baino gehiago. *
  • Familia ugariak izanez gero: urteko diru-sarrera gordinak 25.000 euro baino gutxiago eta 8.316 euro baino gehiago. *
  • Gogoratu familia-unitateetan adin nagusiko kide guztiek baldintzak bete behar dituzuela.

* 2018ko abenduaren 18koa Aginduak

Gaztelagun programaren laguntzei esker, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen etxebizitza librea alokatzeagatik hilero ordaintzen duzun errentaren ehunekoa jasoko duzu.

Etxebizitzaren hileko errentak ez ditu zenbateko hauek gaindituko:

  • 750 euro Bilbo, Donostia eta Gasteizen.
  • 650 euro Bilbo eta Donostiako area metropolitarretan eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietan.
  • 600 euro gainerako udalerrietan.

Laguntzak gehienez hiru urte iraungo ditu.

Laguntzaren zenbatekoa honako haua izango da:

  • Ordaintzen duzun alokairuaren % 50 gehienez, etxebizitza partekatzen ez baduzu (banakakoa edo familia izatea alde batera utzita, kontratuan titular bakarra zara).
  • Ordaintzen duzun alokairuaren % 60 gehienez, etxebizitza partekatuz gero (kontratuan hainbat titular ageri dira).

Laguntza bakoitzaren zenbatekoak etxebizitzarako prestazio ekonomikoaren gehieneko muga (egun 250 euro) ez du gaindituko.

Gainera, kontuan hartu behar duzu alokairurako laguntza BATERAEZINA DELA honako hauekin:

  • Babes publikoko etxebizitzan maizterra izatearekin (adibidez, Alokabide, Bilboko Udal Etxebizitzak, Donostiako Etxegintza eta bestelako administrazioak).
  • Diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo gizarteratzeko beste errenta batzuen hartzailea izatearekin.
  • Etxebizitzarako prestazio osagarria, etxebizitzarako prestazio ekonomikoa edo alokairuaren gastuetarako udal-laguntzak edo beste administrazio eta erakunde batzuetakoak jasotzearekin.
  • Gizarte larrialdiko laguntzak jasotzearekin, alokairuaren gastuekin zerikusia badute.

Dokumentazioa (eskaerarekin batera)

GARRANTZITSUA: ez dituzu agiri hauek guztiak lortu behar.Eskaera-eredua betetzean, Alokabidek edo Eusko Jaurlaritzak (*) duten dokumentuak lortzeko baimena eman dezakezu. Gainerakoak nahitaez helarazi behar dituzu.

  1. Gutxienez etengabe Euskal Autonomia Erkidegoan urtebetez erroldatua zaudela egiaztatzeko
    - (*) Erroldatze ziurtagiria edo ziurtagiriak egon zaren etxebizitzei dagozkienak (EAEko edozein udalerritan).
  2. Alokairuan bizitzen ari zarela egiaztatzeko
    - Errentamendu-kontratuaren kopia: Euskadiko Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuei buruzko Erregistroan inskribatuta ez badago, gutxienez kontratuaren egileen identitatea, errentatutako finkaren identifikazioa, hitzartutako iraupena eta hasierako errenta azalduko dira.
    - Fidantza osatua izanaren inskribapen-ziurtagiriaren kopia edo frogagiria, errentamendu-kontratua inskribatua badago.
  3. Alokatutako etxebizitza, laguntzaren xede dena, ohiko bizitoki iraunkorra dela egiaztatzeko:
    - Etxebizitza horretan (*) errolda-ziurtagiria
  4. Alokairua bankuaren bitartez ordaintzen duzula egiaztatzeko:
    - Gutxienez errentaren azkeneko ordainketaren ordainagiria (hilekoa) banku-transferentziaren bitartez
  5. Pertsona eskatzaile bezala etxebizitzaren titularra ez zarela egiaztatzeko:
    - (*) Jabetza Erregistroaren Indizeei buruzko Zerbitzuak egindako ziurtagiria
    Etxebizitzaren titularra bazara, baina aginduak xedatutakoaren arabera ezin baduzu erabili, beharrezko agiriekin ziurtatzea eskatuko dizugu.
  6. Diru-sarreren mugak betetzen dituzula egiaztatzeko::
    • Errentaren aitorpena eginez gero:
      - Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko aitorpena.
      - Ordaindutakoaren araberakoak ez diren prestazioen ziurtagiria (hala bazenitu)
    • Errentaren aitorpenik ezin ez baduzu:
      Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak egindako langile-bizitzaren ziurtagiria.
      - 10T ziurtagiria (PFEZaren atxikipenengatik ziurtagiri ofiziala).
      - Ikerketarako beka edo laguntzen justifikazio-ziurtagiria, jaso izanez gero.
  7. Laguntza kobratzeari begira, kontu-zenbakiari alta eman eta hori erregistratzeko:
    - Hirugarrenei alta emateko dokumentua, beteta eta sinatuta.
  8. Familia-unitatea izanez gero, egiaztatzeko:
    - (*) Familia-liburua
  9. Familia ugariaren kasuan, egiaztatzeko:
    - (*) Familia ugaria dela egiaztatzen duen titulua.
  10. Laguntza eskatzen duzuenon identitatea egiaztatzeko eta bakarrik eskaera paperean entregatzen baduzue:
    - (*) NAN, AIZ edo baliokidearen fotokopia.

Erantzukizunpeko adierazpena

GARRANTZITSUA: ez da beharrezkoa erantzukizunpeko adierazpen-dokumenturik prestatzea. Eskaera-eredua betetzen duzunean, klikatu/onartu beharko duzu idatz-zati bakoitza, eta honako hau adieraziko da bertan, esate baterako:

  1. Hirugarren mailara arte ez dago familia-loturarik etxebizitza alokatzen dizun pertsonarekin edo bere bizikidetza-unitateko kideren batekin.
  2. 38/2003 Legeak, azaroaren 17koak, diru-laguntzei buruzko orokorrak, 13. artikuluan xedatutako baldintzak betetzen dituzu.
  3. Errentamendu-kontratua edo bestelako egiaztapen-dokumentua kontuan hartuta, laguntza etxebizitzaren alokairua ordaintzera bideratuko duzu.
  4. Eskaeran aurkezten dituzun datuak eta agiriak egiazkoak eta osoak dira, adibidez, egoera zibila, etxebizitza partekatzen duzun gainerako pertsonekin harremana, banaka ordaintzen duzun errenta eta abar.
  5. Laguntza jasotzen ari zaren bitartean, sei hilez behin bankuaren ordainagiriak aurkeztuko dituzu.
  6. Laguntza jasotzen ari zaren bitartean, Alokabideri emateko erabili ziren baldintzen inguruan edozein aldaketa jakinaraziko diozu.
  7. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituzu.

Bateragarritasunaren adierazpenak

GARRANTZITSUA: ez da beharrezkoa bateragarritasunaren adierazpen-dokumenturik prestatzea. Eskaera-eredua betetzen duzunean, klikatu/onartu beharko duzu idatz-zati bakoitza, eta honako hau adieraziko da bertan, esate baterako:

  1. Ez zaude alokairu publikoan (etxebizitza soziala alokairuan edo etxebizitza librea Biziguneren bitartez…).
  2. Ez duzu jasotzen diru-sarrerak bermatzeko errenta, ezta administrazio publikoek gizarteratzeko dituzten politiken beste edozein errenta ere.
  3. Ez dituzu jasotzen etxebizitzarako prestazio osagarria, etxebizitzarako prestazio ekonomikoa, udal-laguntzak edo beste edozein administrazio edo erakunde publikoren laguntzak, alokairuaren gastua ordaintzen laguntzeko.
  4. Gizarte larrialdiko laguntzak ez dituzu jasotzen, alokairuaren gastuekin zerikusia badute.

Baldintzak betetzen badituzu, hona hemen dirulaguntza eskatzeko eman beharreko pausoak:

  1. Identifikazio elektroniko bat eskuratzea (informazio gehiago).
  2. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa prestatzea.
  3. Eskaera egitea eta sinatzea.
Euskadi, auzolana