Menu

Kontaktua

Bilatu
 

  1. Hasiera
  2.  
  3. Udaletxea bazara: UDAL BIZIGUNE

Udal-Bizigune

Programaren inguruko informazio zehatzagoa nahi izanez gero, Alokabiderekin harremanetan jar zaitezke.

Jakingo duzun bezala, herritarren kezka eta eskaera nagusietako bat etxebizitza arrazoizko prezioan lortzea da. Euskadin etxebizitzari buruzko legea dugu 2015. urteaz geroztik, etxebizitza duina lortzea herritarren eskubide bihurtu duena. Hori egi bihurtzeko lehentasunezko formula modura alokairuaren aldeko hautua egin du. Oso gizarte-aurrerapen nabarmena da, eta etxebizitzaren arloan eskumenak dituzten euskal erakunde guztien konpromisoa eskatzen du.

 

Errealitate hori ikusita, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak neurriak hartu ditu, bai epe laburrerako, bai eta epe ertain eta luzerako ere. Helburua alokairu sozialera bideratutako etxebizitzen kopurua gehitzea da.

 

Ildo horri eutsiz, hona hemen horietako bat: Udal-Bizigune programa, partikularren etxebizitza hutsak aktibatzeko Bizigune programaren aldaera. Udal-titulartasuneko etxebizitzak lortu eta Alokabide sozietate publikoaren bitartez alokairuaren merkatu librean etxebizitzarik lor ezin dezaketen pertsonen esku jartzea du xede.

 

Jarraian, programaren ezaugarri nagusiak zehaztuko ditugu, interesgarriak suertatuko zaizkizuelakoan.

 

·         Udalaren Bizigune programa erabil dezakete udal-titulartasuneko etxebizitza libreek. Etxebizitzak Alokabide sozietate publikoari lagatzen zaizkio gozamen-kontratuaren bitartez, 6 urterako, eta kontratua luzatzeko aukera dago. Lagatakoan, Alokabidek hileko alokairu-kanona ordainduko die udalei etxebizitza bakoitzagatik, alokairuan lagatako lehenengo alditik aurrera eta gozamen-kontratuaren indarraldi osoan zehar.

 

·         Udal-Bizigune programan etxebizitzak Alokabidek adjudikatzen ditu Etxebideren erregistroan izena emana duten pertsonen artean, Bizigune programarako zehaztutako baldintza eta puntuei jarraikiz. Hala eta guztiz ere, udalek lehentasunezko baldintza modura sar dezakete udalerrian erroldatuak egotea, eta gehienez hiru urteko antzinatasuna eska dezakete.

 

·         Gainera, Alokabide pertsona errentariei errenta kobratzeaz arduratuko da, baina ez du inola ere bizikidetza-unitatearen diru-sarrera haztatuen % 30 gaindituko. Udalak kobratzen duen alokairu-kanonaren eta errentariek ordaintzen duten errentaren arteko desberdintasuna Alokabidek ordainduko du eta, modu berean, errentariek errentak ez badituzte ordaintzen, bere gain hartuko ditu.

 

·         Halaber, Alokabidek etxebizitzak baldintza ezin hobeetan itzuliko ditu kontratua amaitutakoan, eta kontratuaren indarraldian zehar, etxebizitzaren gorabehera tekniko guztiei erreparatuko die.

 

·         Hots, programa hau abian jartzearekin, Alokabidek alokairuaren alderdi guztiak bere kargura hartzen ditu: eremu teknikoa, errentariekin harremana, adjudikatzeko zerrenda eta prozesua, errentak kalkulatu eta kobratzea, zerbitzuak kontratatzea, gorabeherei arreta eskaintzea eta etxebizitzaren kontserbazio-egoera nahiz mantentze-lanak.

·         Gainera, garrantzitsua da honako hau kontuan hartzea: Udalaren Bizigune programan sartuz gero, udalak ez lukeela ordainketa ekonomikorik egin beharko etxebizitza erabilgarri jartzeko obren, konponketen eta etxea abian jartzearen kostuei aurre egiteko. Izan ere, Alokabidek jarduera horiek gauzatzea onar dezake 18.000 eurora arte. Gero, kostua udal-erakundeari ordaindu behar zaion alokairuaren kanonarekin orekatuko da.

 

 

Udalaren Bizigune programa erakundeen arteko lankidetzaren adibide ona da. Hala, herritarren eta, bereziki, gazteen nahiz baliabide urriak dituzten familien arazo bati erantzun eraginkorra ematen zaio; hain zuzen, etxebizitza duina lortzeari.

 

 

Euskadi, auzolana