Joan edukira
Euskadi.eus-ren webgunean sartu

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Vienara bidaia egin du etxebizitza-politika publikoak alderatzeko.

Argitalpen-data: 

Alokabide barne hartzen duen EAEko ordezkaritza austriar erreferenteko arduradun publikoekin eta adituekin bildu da.

Wildgarten. Iturria: Irekia

Wildgarten. Iturria: Irekia

Bidaia irailaren 28an hasi zen, eta laneko jardunaldiez eta topaketaz beteta egon da. Horri esker, hainbat politika aztertu ahal izan dira: lurzoru publikoa, etxebizitza babestuaren finantzaketa eta sustapena, hiri-birgaitzea eta -berrikuntza, lursailen eraldaketa eta etxebizitza-parke publikoaren kudeaketa. Hori guztia, nazioartean arlo jakin horretan erreferentea den herrialde bateko etxebizitza-politikaren dimentsioei heltzeko.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza, Denis Itxaso sailburua buru dela, honako hauek osatu dute: Pablo García Astrain, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendaria; Saioa Beistegui, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria; eta Patricia Val, Alokabideko zuzendari nagusia.

Baterako lana

Bidaia horren mugarrietako bat urriaren 1ean, ostegunean, izan zen, Viena Hiriarekin izandako topaketaren ondorioz. Bi erakundeek aldarrikatu zuten etxebizitza funtsezko ondasuna dela, merkatuaren logikatik kanpo dagoena, bai eta komunitatea eraikitzeko eta Europan gero eta askotarikoagoak diren hirien kohesioari eusteko tresnarik eraginkorrena ere.

Vienako eta EAEko ordezkariak, joan den urriaren 1eko topaketan. Iturria: Irekia

Vienako eta EAEko ordezkariak, joan den urriaren 1eko topaketan

Iturria: Irekia

Bi aldeek Euskadiren eta Vienaren arteko trukea datozen hilabeteetan bereziki emankorra izatea eragin dezaketen lau eremu identifikatu dituzte: parke publikoaren kudeaketa eta kontserbazioa; alokairuaren merkatu librearen erregulazioa; Europako berrikuntza-programak; eta Europako eztabaidaren baterako jarraipena.

Eusko Jaurlaritzak eta Viena Hiriak konpromisoa hartu dute harreman egonkorra izateko eta datozen hilabeteetan lau arlo horietako bakoitzean lehen jarduketak zehazteko, pixkanaka eraikiko den ibilbide baterako urratsak eginez. Ildo horretatik, Alokabide izango da Austriako hiriburuarekin partekatutako lana bideratuko duen erakundea. (Informazio gehiago: Irekia)

Alokabideri buruzko informazio gehiago