Joan edukira

Ortuellako "La Estación 86" eraikinaren birgaitze integrala amaitu da

Argitalpen-data: 

Alokabizi esparru estrategikoko mota horretako bigarren ekintza da.

ortuella

Urrian amaitutzat jo dira eraikin horren birgaitze integralaren obrak, 2020-2050 Plan Zero Planaren esparruan eginikoak; obra horrek Iturritxo (Donostia) bezalako aurreko jarduketen ildoari jarraitu dio. Funtsean, “berokia jarri zaio” eraikinari; hau da, inguratzaile osoa forratu da termikoki isolatzeko, bero-galerak ekiditeko eta bizilagunen konforta hobetzeko.

 

Zehazki, honako lau alderdi hauetan oinarritu dira Alokabideren ekimen horretako esku-hartzeak: kanpoaldean isolamendu termikoko sistema bat instalatzea, ingurumenarekiko jasangarria eta % 100ean kortxo naturalez eginikoa; instalazio fotovoltaikoa eta aireztapen mekanikoko sistemak jartzea etxebizitza guztietan; eraikinera sartzeko kanpoaldeko oztopo arkitektonikoak ezabatzea; eta igogailu bat instalatzea eta etxebizitzak eta eraikina digitalizatzea.

Birgaitzearen lorpenak

Birgaitzeari esker, hau guztia lortu da:

  • Energia-efizientzia hobetzea; E kalifikazio energetikotik A etiketara aldatu da. Eraikinaren urteko emisioak murriztu dira 23.018 kg-tik 1.180 kg-ra (urtean 39 KgCO2/m²-tik 2 KgCO2/m²-ra). Murrizketa hori urtean 15.000 km egiten dituzten gasoliozko 12 ibilgailuen CO2 emisioaren parekoa da.
  • Zerbitzu orokorren eta etxebizitzen faktura elektrikoa murriztea, plaka fotovoltaikoak instalatzearen bidez eta sortutako energiaren banaketa kudeatuta “autokontsumo kolektibo partekatua soberakinekin” modalitatean. Plaka fotovoltaikoei esker 17.300 KWh sortzen dira urtean, eta horien onurak ekitatiboki banatzen dira bizilagunen artean.
  • Etxebizitzen barrualdeko osasun- eta konfort-baldintzak hobetzea, aireztapen mekanikoko sistema bat instalatzearen bidez. Sistema horrekin airea berritu egiten da modu kontrolatuan, eta horrek eragina du etxebizitzaren baldintzetan. Bizilagunek baldintza horiek ikusi ahal izango dituzte horretarako instalatutako pantailetan eta, horri esker, osasun- eta konfort-baldintza hobeetan erabili eta mantendu ahal izango dituzte etxebizitzak.

 “La Estación” eraikinaren birgaitze energetikoa aukera bikaina izan da bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko; izan ere, horixe bera da Alokabiziren helburu nagusia: etxebizitzaren parke publikoko eraikinen trantsizio hirukoitza (soziala, jasangarria eta digitala) lortzea.

Alokabideri buruzko informazio gehiago